Afalosteko eztabaidaren alegoria

Singer:Ekida

Album:Manifestua

Telebista piztuta afaltzen da gure etxeetan egunero

Platerek plateren aurka jotzen dute batzen direnean

Mahai gainean egoten dira afaritako hondarrak

Zigarro bat pizten da

Notiziek egunekoak errepasatzen dituzte

Bi figurak

mahaiaren alde banatan

notiziei begira

Errepasatzen dituzte munduari begiratzeko dituzten moduak

Telebista piztuta

zigarro baten kea

bi figura

Aitzakia perfektua gerrarako

Lehenengoak dio:

Nik hartuko dut hitza

Kostata agian baina hemen ez dago isilik gelditzerik

Notiziek hitz egiten dute gezurrekin

Eta isilik gelditzea haien ahotik hitz egitea da

Mundua zabala da:

Begien parean ikusten dut

Zein iritzi daukadan 130.000 langabeez?

Zer uste dudan suak hartutako kontainer batez?

Argi dago: neure burua ikusten dut haiengan

Mundua zabala da

Eta uste dut zabalago behar lukeela

Figura bana dago mahaiaren alde banatan

Bien artean kea

Bigarrenak

begiak telebistatik mahairatu

Eta honela diotso:

Zuk zer jakingo duzu munduaz

Mundua zabala da

bai: zabalegia zuretzat

Zuk langabeak ikusten dituzu

nik bizkarroiak

Zuk zeure burua ikusten duzu

nik besteak

Nik neure bizimodua ateratzen dut

Eta horrekin nahikoa daukat

Gu finean ez gara hain gaizki bizi

Ez dut uste gehiegi eskatzen dudanik

Nik neure iritzia edukitzeko eskubidea daukat

Eta nire kaleak pintadaz bete ez ditzatela eskatzekoa ere bai

Zuk zer jakingo duzu munduaz

Nik neure iritzia daukat eta horrekin nahiko

Ez dugu nostalgiarik behar

Lehenengoak amaituko du

Oraingoan ez dio begiratuko

Mahaiaren bestaldean dagoenari

Aurrerago begiratuko du eta esan:

Esaten dute gurea nostalgia dela

Baina guk badakigu ezinbesteko biharamuna dela

Nostalgia handiagorik ez baitago

Zure ingurua zatika erortzen ari dela ez ikustea baino

Esaten dute inozokeria dela

Baina guk badakigu inozokeriaren amaiera dela

Gure inguru guztiaz jabetu nahi dugu

Geure buruez jabetzeko

Bide horretan abiatu gara

Eta erre egingo ditugu itzulerako zubi guztiak